Errehabilitazio artikuluak

Narriadura kognitiboa esklerosi anizkoitzean

Nork Argitaratu du EM Euskadi | | ikusita 2544 aldiz

Soraya Vázquez. ADEMBIko neuropsikologoa Duela hamarkada batzuk jakin zen narriadura kognitiboa esklerosi anizkoitza eragin dezakeen sintometako bat dela Narriadura kognitiboa duen jendearen %60ak hainbat aldaketa nabaritzen ditu, bizitasun anitzekoak eta […]

Soraya Vázquez. ADEMBIko neuropsikologoa

Duela hamarkada batzuk jakin zen narriadura kognitiboa esklerosi anizkoitza eragin dezakeen sintometako bat dela

Narriadura kognitiboa duen jendearen %60ak hainbat aldaketa nabaritzen ditu, bizitasun anitzekoak eta funtzio desberdinetan. Urritasun kognitibo horri neuropsikologiaren bitartez egiten zaio aurre, gaitasunak hobetzeko eta narriadura kognitiboa moteltzeko.

Funtzio kognitiboak prozesu mentalak dira, eta balio digute arrazoitzeko; pentsatzeko; hizkuntza ulertzeko eta erabiltzeko; fokalizatzeko; arreta antolatzeko eta eusteko; objektuak antzemateko, sailkatzeko eta espazioan kokatzeko; ikasteko eta informazio berria gogoratzeko; eta jarduerak planifikatzeko, gauzatzeko eta ikuskatzeko. Prozesu mental horiek ez dira denontzat berdinak. Buruko jardueran faktore hauek izan dezakete eragina: estresak, nekeak, depresioak, neurrigabeko alkohol-kontsumoak, nutrizio eskasak, gaixotasun batzuk, zenbait sendagaiak…

Urritasun kognitiboak ez du korrelaziorik narriadura fisikoarekin, bai ordea minusbaliotasun-mailarekin, handicaparekin, langabeziarekin, eguneroko jardueretarako laguntza handiagoarekin eta gizarte-babes txikiagoarekin; izan ere, premiak gehitu egiten dira eta bitartekoak gutxitu.

Narriadura kognitiboaren eredua aldakorra da, baita sintomen larritasuna, sintomak garatzeko probabilitatea eta NK izateko momentua.

Zenbaitetan, azterketa neurologikoetan ikusten da ibilera normala dela, eta ebaluazio neurologikoan funtzio kognitiboak narriatuta daudela. Sintoma kognitibo horiek gaixoak eta ingurukoek zer gertatzen den ulertu ezina eragiten dute. Eta horri gehitzen zaio gainerakoek gaixoak erantzukizunak saihestu nahi dituela pentsatzeak sortzen duen beldurra. Gainera, larritasuna sortzen da, sintoma (NK, oro har) nola bilakatuko den ez delako jakiten, eta burua galtzeko beldurra ere izaten delako.

Esklerosi anizkoitzaren larritasunari garrantzia kentzen zaio baldin eta gaixoaren azterketa neurologikoan urritasunik apenas agertzen bada; baina ez da ahaztu behar narriadura neuropsikologikoak gaixoen bizimodua izugarri kaltetu dezakeela, batez ere lan-arloan (langabeziaren kausa nagusietako bat da), arlo sozialean, aisian… Gainera, beste errehabilitazio-terapia batzuk egitea oztopa dezake. Horregatik, ezinbestekoa da gaixotasuna ahalik eta azkarren antzematea, ebaluatzea eta entrenatzea.

Balorazio kognitiboak narriadura horiek modu objektiboan hartzeko aukera ematen die gaixoari eta haren ingurukoei; izan ere, gaixoak zenbaitetan ez dira jabetzen nahaste horiez, ezta daukaten nahaste-motaz (kaltetuta dauzkaten funtzioez) eta nahasteen larritasunaz ere. Era horretan uler dezakete zer gertatzen ari zaien, nola sentitzen diren eta, ondorioz, zergatik jokatzen duten jokatzen duten moduan. Sintomak nabaritzen hasten direnean beldurra sentitzen dute, esklerosiaz gain gaixotasun neurologiko bat izango ote dutenaren susmoak sortzen duen beldurra, larritasuna, antsietatea… Orduan azalpenak behar dituzte, sintoma neurokognitibo horiek zertan diren jakiteko eta, era horretan, ulertzeko zergatik dauzkaten zailtasunak eguneroko bizimoduan. Beraz, lasaitzea ezinbestekoa da, dementziaren bat daukatela pentsatzen hasten direnean.

Neuropsikologia Zerbitzua gaitasun kognitiboak baloratzeaz eta trebatzeaz arduratzen da; gaitasun kognitibo horiek dira, besteak beste: arreta, kontzentrazioa, erne eta zelatan egoteko gaitasunak, bereizitako arreta, oroimena (berehalakoa eta epe motz eta luzerakoa), lanerako oroimena, informazioa prozesatzeko abiadura, hizkuntza (adierazmena eta ulermena) eta jarduera-funtzioak (plangintza eta antolaketa, iritziak sortzea, erabakiak hartzea…).

Zerbitzu horretan goi-mailako gaitasun eta funtzioak hobetzeko estrategiak eta teknikak lantzen dira, hainbat ariketa medio. Helburua da erabiltzaileek dauzkaten gaitasun kognitiboei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta, era horretan, narriatze orokorra moteltzea. Izan ere, zenbaitetan ezin da errehabilitazioa xedetzat hartu, baina bai trebakuntza edo bizkortzea.

Errehabilitazio kognitiboko proiektuak

Azken urteetan merezi duen garrantzia ematen hasi zaio, eta zenbait azterlan eta proiektu egiten hasi dira, esklerosi anizkoitzaren funtzionamendu kognitiboaren hainbat alderdiren inguruan. Gaur egun Deustuko Unibertsitateko bi azterlanetan parte hartzen ari gara; azterlan horietako batean, gainera, Gurutzeta, Basurto eta Galdakaoko ospitaleak ere ari dira elkarlanean. Bata EA eta Miastenia Gravis duten gaixoek aurpegieran emozioak zenbateraino antzematen dituzten neurtzea helburu duen zeharkako ikerketa bat da. Eta bestea EA eta Parkinson duten gaixoekin gauzatzen ari den proiektu bat da: “neuroendekapenezko gaixotasunen errehabilitazio kognitiboarekin zerikusia duten garuneko aldaketa estruktural eta funtzionalak”. 

Neuron – Up plataforma

Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren elkartean Neuron – UP erabiltzen dugu esklerosi anizkoitza duten gaixoen errehabilitazio neuropsikologikorako tresna gisa, eta aitzindari gara horretan. Neuron – UP narriadura kognitiboa duten gaixoekin lan egiten duten terapeuten tresnak zabaltzen eta hobetzen dituen web-plataforma bat da. Plataforma horrek 6.000 errehabilitazio- eta bizkortze-ariketa baino gehiago dauzka (ariketak, jolasak, simulagailuak eta fitxak), goi-mailako funtzio kognitiboak ez ezik eguneroko jarduerak ere lantzeko. Gainera, funtzio kognitiboen azpi-prozesuak espezifikoki ere landu daitezke: orientazioa (informazioa prozesatzeko abiadura, arretari eustea, arreta selektiboa…), hizkuntza, oroimena (semantikoa, episodikoa, prozedurazkoa), praxiak, gnosiak (ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena, dastamena, gorputz-eskema), abilezia bisual-espazialak (erlazio espaziala, malgutasun kognitiboa, planifikazioa, arrazoitzea, erabakiak hartzea…). Plataforma eredu teoriko egonkor batean oinarritua dago; eredu teoriko hori, gainera, ospe handia duten pertsonek osatutako batzorde zientifiko batek bermatua dago. Eta gure elkartea, esan bezala, aitzindaria da, Aita-Mennirekin batera, tresna hori gaixoekin erabiltzen.Ariketek zailtasun-maila desberdinak dauzkate eta, ariketa bakoitzean, faseak osatzen edo gainditzen dira. Ariketak egiterakoan ez dago faseak errepikatu beharrik, zein fase edo zailtasun-maila landu nahi dugun aukeratu baitaiteke; horregatik da, besteak beste, hain moldagarria.Landu daitezkeen eguneroko jarduerak dira instrumentalak (simulagailu edo jolas moduan landu daitezke), gizarte-autonomiarekin zerikusia dutenak (sakelako telefonoa edo kutxazaina erabiltzea, adibidez), eta etxeko lanak (mikrouhin-labea eta ontzi-garbigailua erabiltzea eta erositakoa gordetzea, besteak beste).

VIDEOS DE YOUTUBE
Ir al canal de youtube »