Neurologia artikuluak

EA Euskadin eta EA unitatea Basurtuko Ospitalean: Proiektu luze eta emankorra

Nork Argitaratu du EM Euskadi | | ikusita 2100 aldiz

2013ko martxoa. Alfredo Antigüedad doktorea, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko neurologia zerbitzuko burua. Mielina birsortzeko lehendabiziko sendagai ezagunarekin (Ac anti-Lingo) burutuko diren saiakuntza klinikoetan parte hartuko du Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzaren […]

2013ko martxoa.

Alfredo Antigüedad doktorea, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko neurologia zerbitzuko burua.

Dr. Alfredo Antigüedad
Mielina birsortzeko lehendabiziko sendagai ezagunarekin (Ac anti-Lingo) burutuko diren saiakuntza klinikoetan parte hartuko du Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzaren Unitateak.

Albistea entzutean, orain dela 20 urte EAren aurrerapena eteteko Espainian burutu zen lehendabiziko saiakera klinikoan parte hartu nuenean sentitu nuen emozio bera sentitu dut berriro: gaur ere, orduan gertatu zitzaidan bezalaxe, gaixotasun honen kontrako borrokan berebiziko garrantzi medikoa duen zerbaiten garapenaren lekuko izango naizela sentitzen dut. Esklerosi Anizkoitzari dagokionean, ibilitako bideari, orainari eta etorkizunari buruzko nire hausnarketak irakurleekin partekatzea gustatuko litzaidake.

Euskadiko lehendabiziko kontsulta monografikoa.

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko EA Unitatea (Bilbo) gaixotasun honetan oso nahastu diren profesional askoren 26 urteko lanaren fruitua da. Ibilbide hau 1987ko apirilaren 1ean hasi zen. Egun hartan barne hartu baitzen lehendabiziko pazientea, Mº Luz, Euskadiko EAren lehenengo kontsulta monografikoan. Une hartan zenbait helburu finkatu ziren: Ikerketa sustatzea, arreta medikoa zein pazienteen osasun eta bizi-kalitatea hobetzea eta Euskal Herrian erreferente den ADEMBI pazienteen elkartearekin lankidetzan aritzea, erabilgarri izan zitekeen jarduera guztietan.

Urte luze hauetan, gainera, EAri aurre egingo dion kate luze eta egonkorra osatzeko kate-maila sendoak bilatu ditugu buru-belarri. Kate horren lehendabiziko maila Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkartea, ADEMBI, izan zen eta, gerora, EAren Euskal Fundazioa. Entitate hauek biak eta horien parte diren pertsonak ezinbesteko bidaide paregabeak dira eta izan dira, pazienteenganako laguntzari dagokionean filosofia eta balore berberak baitauzkagu. Mar Mendibe doktorea beste oinarrizko kate-maila bat izan da, nik Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea utzi nuenean EAren kontsultarekin jarraitu zuen eta guztiz txalogarria da, pertsona zein neurologo gisa.  Basurtuko Unibertsitate Ospitalean diziplina anitzeko talde itzela osatu dugu honako kideen artean: EUDak, neurologoak (Cristina Llarena neurofisiologiako doktorearen ezinbesteko kolaborazioaren laguntzaz), laborategiko teknikariak, biologoa, genetista, oftalmologoa, urologoa eta ospitaleko eguneko langileak, erradiologoak, errehabilitazioko medikuak, farmazeutikoak eta profesionaltasun handiko abar luze bat. Guztiek arreta pertsonalizatu eta protokolizatua eskaintzen diete EA duten pertsonei eta gaixotasun honen kontrako ikerketa lerro ezberdinetan parte hartzen dute.

Ikerketa klinikoa.

Ikerketaren gainean pentsatzen dudanean, ezin izaten dut ahaztu 1987 urtean praktika klinikoaren gaineko informazioa bildu, egituratu, aztertu eta ikasteko helburuz lehendabiziko ordenagailua erosi genuenekoa. Datu horietatik EAren historia naturalei buruzko dozenaka lan sortu dira eta irakaspen berriak eskuratzen zein ondorio ugari ezagutzen lagundu digu. Hala, besteak beste, gaixotasun honen epe luzerako pronostikoa zein den antzeman ahal izan dugu, aspaldi uste zenaren kontra, amatasunak EAren pronostikoa baldintzatzen ez duela ondorioztatu dugu eta eguzkitan emandako orduek EA izateko arriskuan zein rol izan dezaketen jakin dugu. Horrez gain, kaltetu bi baino gehiago dituzten familien, haurren EA hastapenen eta abar luze baten gaineko ezagutzan aurrera egitea ere lortu dugu. 1994 urtetik aurrera Estatuan sendagai berriekin burutu diren nazioarteko ikerketa gehienetan parte hartu dugu. Gaur egun, bederatzi saiakuntza klinikotan nahastuta gaude eta horietariko batzuk farmako berriekin burutzen ari dira, seguru asko etorkizunean gaixotasuna eteteko erabiliko direnak.

Oinarrizko ikerketa.

Ikerketa klinikoaz gain, Bizkaian egoitza duen nazioarte mailako oinarrizko ikerketari ere babesa eman nahi izan diogu. Helburua hau izanik, baimena ematen diguten pazienteei odol lagina eman diezaguten eskatzen diegu, ezaugarri kliniko jakin batzuk (pronostikoa, tratamenduen aurrean izandako erantzuna, hasierako adina, e.a.) analisietan (genetikoak, serologikoak, e.a.) aurkitu diren ezaugarriekin lotu ahal izateko. Mota honetako ikerketen bitartez, gaixotasunaren oinarri molekularrak hobeto ezagutzeko aukera edukitzen dugu eta, esate baterako, tratamendua bideratzeko xede berriak bilatzea ahalbidetzen digu. Egun, 750 paziente baino gehiagoren eskuzabaltasunari esker, Estatu mailan dauden lagin base biologikoetan handienetakoa edukitzea lortu dugu.Bizkaian egoitza duen nazioarte mailako oinarrizko ikerketari ere babesa ematen diogu, Carlos Matute eta Koen Vandenbroeck irakasleekin.

Orain dela zenbait urtetik UPV-EHUko Neurozientzietan katedradun den Matute irakaslearekin lankidetzan dihardugu eta orain dela lau urte proiektu aitzindaria martxan jarri genuen: UPV-EHU eta Osakidetzaren arteko ikerketa mistorako unitate bat. Era berean, era egonkorrean lankidetzan dihardugu Koen Vandenbroeck irakaslearekin ere, Bilbotik UEPHA*MS (EAri buruzko Europako farmakogenomika sarea) zuzentzen duenarekin. Gainera, REEM (Red Española de Esclerosis Múltiple) sarearen parte aktibo ere bagara.

Lankidetza honen fruitua nazioarteko aldizkarietan argitaratutako artikulu ugaritan islatuta geratu da. Gure bidaideen artean Deustuko Unibertsitateko psikologia fakultatea, zeinekin errehabilitazio kognitiboak IRM funtzionalean duen ondorioari buruz ikertzen ari garen, eta Deusto-tech enpresa ere badaude, zeinekin pazienteen eboluzioa modu zehatzago batean baloratzeko gailu elektronikoak diseinatu nahi ditugun. Euskadiko zenbait enpresarekin batera, ADEMBIK eta EA Euskal Fundazioak sustatutako beste proiektu batzuetan ere parte hartzen dugu, hala nola errehabilitazio birtualean eta errehabilitazio kognitiborako aplikazio informatikoen garapenean. Hala, aitzindariak izan gara Bilboko EA Zentroan “virtualrehab” eta “NeuronUp” ezartzen. Pazienteen bizi-kalitatea maila guztietan hobetzeko ahaleginean, pazienteen osasuna hobetzera bideratutako asistentzia hutsezko helburuak ere bilatu ditugu, “EA Bilbao Protokoloa: Neurologia – Lehen mailako Arreta” besteak beste, lehendabizikoz Bizkaian ezartzen ari den eta Estatuan aitzindaria den proiektua.

Esklerosi Anizkoitza “kontrolatzeko” elkarrekin lan egiten jarraitzeko eta pazienteek bizi-kalitaterik onena izan dezaten lortzeko ideiak, ilusioa eta gogoa dauzkagu.

VIDEOS DE YOUTUBE
Ir al canal de youtube »