Rehabilitación

Irensketa eta Esklerosi Anizkoitza: Jarrabideak eta aholkuak

Publicado por EM Euskadi | | Visto 1347 veces

Irensketaren nahasteari disfagia esaten zaio. Irensketa-prozesua janaria ahoan sartzen dugunean hasi eta urdailera heltzen denean amaitzen da. Disfagian, prozesu horretako osagai bat edo gehiago nahastuta egoten da. Disfagia duten EAdun gaixoen […]

El trastorno de la deglución se llama disfagia

Irensketaren nahasteari disfagia esaten zaio. Irensketa-prozesua janaria ahoan sartzen dugunean hasi eta urdailera heltzen denean amaitzen da. Disfagian, prozesu horretako osagai bat edo gehiago nahastuta egoten da. Disfagia duten EAdun gaixoen portzentajea %33 eta %55 artekoa da. EAdunek likidoak irensteko zailtasunak izaten dituzte, batez ere; hau da, edariak kontrako eztarrira joaten zaizkie, baita listua bera ere, zenbaitetan.

Irensketa-prozesu normalak lau fase dauzka. Fase guztietan ezinbestekoa da organoak ondo mugitzea, arnasketa egoki koordinatzea eta erreflexuek behar bezala funtzionatzea. EAn prozesu horiek batzuetan nahastu egiten dira eta horrek irensteko zailtasunak edo disfagia eragiten ditu. Disfagia ez da beti bistakoa izaten; horregatik, seinale eta sintoma hauek gogoan hartu behar ditugu, egoki irensten ez denaren adierazgarri izan baitaitezke:

  • Listua nekez irenstea, lerdea jariatzea.
  • Irenstean edo irentsi eta gero eztul egitea.
  • Eztul egiteko erreflexurik ez edukitzea.
  • Paralisia edo sentsibilitatea gutxitzea.
  • Ahoan elikagaiak edukitzeko edo mugitzeko zailtasuna.
  • Motel irenstea edo mastekatzea.
  • Irentsi ondoren ahoan elikagai-hondarrak geratzea.
  • Jaterakoan itolarriak edukitzea.
  • Ahotsa aldatzea.
  • Elikagai-hondarrak trakea-estomatik, sudurretik irtetea.
  • Listu gehiegi jariatzea edo, aitzitik, batere listurik ez jariatzea.
  • Jateko gogorik ez edukitzea, pisua aldatzea.
  • Errepikazko pneumoniak edukitzea.
  • Sukarra edukitzea, arrazoi nabarmenik gabe.

Fases de la degluciónDisfagia tratatu daiteke; horregatik, gaixoak irensteko zailtasunak badauzka, oso garrantzitsua da etxeko medikuari kontsulta egitea. Medikuak egoera baloratuko du eta, behar izanez gero, gaixoa espezialistarengana bidaliko du, kasu honetan otorrinolaringologoarengana, probak egin diezazkion. Gero, logopedak irensteko arazoak konpontzen lagunduko dio. Adibidez, masailezurreko eta eztarriko giharrak indartzeko ariketak egiten erakutsiko dio, baita beste era batera arnasten ere, eta elikagai eta edarien loditasun egokia zein den azalduko dio. Horrez gain, ez itotzeko zer jarrera hartu behar duen erakutsiko dio.

Zaintzaileentzako aholku batzuk

Otorduetan, gaixoarekin dagoen erizain, laguntzaile edo senideak ohar hauek hartu behar ditu kontuan:

Ingurua:

  • Inguruak lasaia izan behar du, ez du adia galtzeko estimulurik egon behar.
  • Jateko denbora nahikoa eduki behar da.
  • Gaixoak ez du oso nekatuta egon behar, ezta logale ere.
  • Lotara afaldu eta, gutxienez, hiru ordura joan beharra dauka.

Jarrera:

  • Jateko egokiena da eserita egotea, burua eta gorputz-enborra tente edukitzea eta euskarri egokia izatea. Ohean jan behar izanez gero, gaixoak 60º/80º goratuta egon behar du.
  • Logopedak jarritako jarrera-tratamendua betetzen duela egiaztatu behar da.
  • Logopedak ahoko, mingaineko, ezpainetako eta masailetako giharrak indartzeko agindutako ariketak egin behar dira.
  • Irensterakoan arnasketa egoki koordinatu behar da.

Ahoko higienea:

  • Hortzordeak behar bezala jarrita dauzkala ziurtatu beharra dago.
  • Jan aurretik zein ondoren, higieneak egokia izan behar du (otorduen ondoren hortzak eskuilatu egin behar dira).
  • Ahoa egoki zainduz gero, mukosen hezetasunari eusten zaio eta listua jariatzea sustatzen da; era horretan, elikagaia ez da itsasten. Jan ondoreneko garbiketa elikagai-hondarrak itsatsita ez geratzeko da.

Elikagaiak:

  • Zaporea. Zapore bizi edo azidoek irensketa estimulatzen dute.
  • Tenperatura. Elikagai hotz eta beroek irensteko erreflexua estimulatzen dutenez, txandatzea komeni da. Sentsibilitate-nahasteak dituzten gaixoekin kontuz ibili beharra dago.
  • Bolumena. Elikagaiak zati txikitan ebaki behar dira eta koilara ez da gehiegi bete behar.
  • Elikagaiek gosegarriak izan behar dute; izan ere, gaixo batzuk usaimena eta ukimena galduta dauzkate eta gerta daiteke listu nahikoa ez jariatzea.
  • Loditasuna. Elikagaiek homogeneoak izan behar dute, ez dira elikagai solido eta likidoak nahastu behar (laranjak, mahatsak eta zopak, adibidez, ez dira komeni). Irensteko errazenak erdi-solidoak dira (esate batera: flanak, pureak, gelatina…). Ez da elikagai itsaskorrik jan behar (esne kondentsatua, eztia…), ezta birrintzen diren elikagaiak ere (madalenak, adibidez).

Gaixo guztien elikadurak orekatua izan behar du. Ez dago “EA sendatzen duen dietarik”. Janariak askotarikoa izan behar du. Gehiegi edo ohiz kanpo jatea osasungaitza da.

Irensteko eman beharreko pausoak:

  1. Airea hartu.
  2. Aireari eutsi.
  3. Indarrez irentsi.
  4. Airea bota.

Helburua da EAdunek irensketa-prozesuan arazorik ez edukitzea eta elikadura eta hidratazioa egokiak izatea.

Iturria‘Manual para cuidadores: Profesionalización de la atención familiar de los afectados por la Esclerosis Múltiple’  Qualifield Care.

VIDEOS DE YOUTUBE

Ir al canal de youtube »