Neurologia artikuluak

Esklerosi Anizkoitza eta emakumea

Nork Argitaratu du EM Euskadi | | ikusita 695 aldiz

2013ko azaroa Mar Mendibe doktorea, Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioko Esklerosi Anizkoitzeko Unitateko neurologoa eta arduraduna Esklerosi anizkoitza heldu gazteei eragiten dien gaixotasun neurologiko kroniko bat da. Nerbio-sistema zentrala (garuna eta ornomuina) […]

2013ko azaroa

Mar Mendibe doktorea, Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioko Esklerosi Anizkoitzeko Unitateko neurologoa eta arduraduna

Dra. Mar MendibeEsklerosi anizkoitza heldu gazteei eragiten dien gaixotasun neurologiko kroniko bat da. Nerbio-sistema zentrala (garuna eta ornomuina) kaltetzen duen jatorri autoimmuneko patologia gisa deskribatzen da, normalean. Gaixotasun autoimmune gehienak (eritema-lupu sistemikoa, erreuma-artritisa, tiroiditis autoimmunea…) emakumeek dauzkate gehien. Gaur egun badakigu generoak asko baldintzatzen dituela gaixotasunaren bilakaera eta pronostikoa, beharbada nerbio-sistema zentrala, sistema immunologikoa eta sistema endokrinoa (hormonala) lotuta daudelako. Gurean, gaixotutako gizon bakoitzeko hiru emakume daude (1:3), eta maiz gaixotasuna garai ugalkorrean hasten da, erabaki pertsonal garrantzitsuak hartzen diren garai batean, hain zuzen.

2013ko martxoan, Londresen, EA Tratatzeko eta Ikertzeko Europako Batzordeak (ECTRIMS) antolatuta, nazioarteko bilera bat egin zen, eta partaideek generoarekin zerikusia duten gaiak sakondu zituzten: haurdunaldia, aldaketa hormonalak eta esklerosi anizkoitza. Datozen hilabeteetan bilera monografiko horretan adostutako jardunbide kliniko egokiei buruzko lan bat argitaratuko da. Bileran gai hauei buruzko azken berritasunez hitz egin zuten: haurdunaldia, puerperioa, esnealdia, tratamendu antikontzeptiboak, ernalketa-teknikak, ordezko tratamendu hormonalak eta menopausia.

Lan honetan gai horri buruzko “informazio orokorra” dago jasoa; behin kontsultategira joanda, ordea, EA duen gaixoa artatzen duen neurologo edo profesionalak eskaintzen du laguntza “pertsonalizatua”.

Hona hemen bileran interes gehien piztu zuten gaiak, labur-labur azalduta:

  • Zer eragin dauka EAk haurdunaldian eta erditze ondoko garaian?

EA duten emakumeei ziklo hormonalak aldatu egiten zaizkie, batik bat haurdunaldian eta puerperioan (erditze ondoko garaian).

Haurdunaldiak eta puerperioak gaixotasunaren bilakaeran zer eragin daukan asko ikertu da. Alde horretatik, PRIMS (Pregnancy and Multiple Sclerosis Study) azterlana da eredu nagusia (New England Journal-en argitaratu zen 1998an, baita Brain 2004-an ere). Azterlan horren arabera, haurdunaldian berriz gaixotzen direnen tasak txikiagoak dira, batik bat estrogeno izeneko hormona bat ugaritu egiten delako. Erditze ondoko garaian (erditu ondoreneko hiru hilabeteetan), ordea, agerraldiren bat izateko probabilitatea areagotu egiten da. Haurdunaldiaren aurreko urtean berriz gaixotu diren emakumeek erditu ondoren berriz gaixotzeko arrisku handiagoa dute. Emakumeen %30ak, gutxi gorabehera, agerraldiak izaten ditu erditze ondoreneko hiru hilabeteetan. Puerperioa igaro ondoren, gaixotasunak haurdunaldiaren aurreko urteetan bezala jokatzen du. PRIMS azterlanean frogatu zuten, baita ere, EA duten emakumeek ez dutela gainerako emakumeek baino abortu edo konplikazio gehiago izaten.

Hala eta guztiz ere, kasuak banan-banan aztertu behar dira. Izan ere, bigarren mailako EA progresiboa eta minusbaliotasunen bat daukan emakume bat eta arintzen ari den EA daukan eta haurdunaldiaren aurreko urteetan egonkor eta sintomarik eta agerraldirik gabe egon den beste emakume bat, adibidez, ez dira berdin tratatuko. Aholkua da erabaki errealistak hartzea.

Hala ere, emakume batzuk, hainbat faktoreren eraginez (adibidez: gaixotasunaren larritasunagatik, tratamendua utzi beharragatik edo arrazoi pertsonalengatik), haurdunaldirik ez izatea edo haurrak adoptatzea erabakitzen dute.

Haurdunaldia planifikatu nahi izanez gero, komeni da aurrez neurologoarekin hitz egitea.

  • Haurdunaldiak aldatu egiten al du, epe luzera, EAren pronostikoa?

Haurdunaldiak EZ du aldatzen gaixotasunaren pronostikoa epe luzera. Hau da, emakume baten halabeharra bada EA modu progresiboan izatea, hala izango du, erditu ala ez. Halaber, pronostiko oneko EA izan behar badu, hala izango du, haurdun geratu ala ez.

  • Haurdunaldian aldatu egin behar al da gaixotasunaren bilakaera aldatzen duen medikazioa?

Oro har, haurdunaldian tratamendua etetea gomendatzen da, ez baitakigu sendagaiek fetuan zer eragin izan dezaketen.

Emakume batek haurdunaldia planifikatzea erabakitzen duenean, aholkuak dira EA egonkor egotea, azkenaldian agerraldirik ez eduki izatea eta fase progresiboan ez egotea. Halaber, komeni da tratamendu immunoezabatzaile edo immunomodulatzailea etetea eta erditu ondoren lehenbailehen berriz hastea. Alde horretatik, kasu jakin batzuetan, tratamendu immunoezabatzailea nolakoa denaren arabera, komeni da sendagaiak hartzeari utzi eta haurdunaldia planifikatu bitartean denbora bat itxarotea. Beste batzuetan, sendagai immunomodulatzaile batzuekin, ez dago itxaron beharrik. Gaur egun, haurdun egon diren eta aurrez azken belaunaldiko botika gehienak hartu dituzten emakumeen sendagaien erregistroak eta segimenduak egiten dira.

  • Egin al da saiakuntza klinikorik estrogenodun tratamendu hormonalekin?

Fase esperimentalean egin dira saiakuntza klinikoak, osagai nagusia estrogenoa duten sendagaiekin. Oraingoz, ordea, zuhur jokatu behar dugu, sendagai horiek denbora askoan eta dosi handietan hartuz gero gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizi ginekologikoak izateko arriskua handitu egiten baita.

  • Erditzeko edozein anestesia-mota jar al daiteke?

Ez dago anestesia osoa, lokala edo epidurala jartzeko kontraindikazio neurologikorik. Anestesia-motak EZ du gerora agerraldiak izateko arriskua areagotzen. Anestesia behar duten gainerako ebakuntzetan ere gauza bera gertatzen da.

  • Kontrazepzioa EA duten gaixoetan

Gaixotasunaren bilakaera aldatzen duten sendagaiak hartzen dituzten emakumeek, baldin eta harreman sexualak badauzkate, antisorgailuak hartu behar dituzte; lehen esan bezala, ez baita komeni haurdunaldian tratamendu immunomodulatzaileari eustea, fetuarengan zer eragin izan dezakeen ez dakigulako.

Esklerosi anizkoitza duten gaixoek antisorgailu hormonalak har ditzakete. Horren harian, kontuan hartu behar da antisorgailuak irenstekoak badira obulutegiek denbora nahikoa behar dutela dagokien funtzioa berreskuratzeko eta, beraz, gerta daitekeela tratamendua denbora luzez eten behar izatea haurdun geratzea lortu aurretik. Hileko baginako eraztunari dagokionez, hormona-dosia txikia denez, funtzio obarikoa denbora gutxian berreskuratzen da eta irensteko antisorgailuen ordezko egokia izan daiteke.

  • Titia eman al daiteke?

Ez dago EArekin titia emateko kontraindikaziorik. Dena den, kasuak banan-banan aztertu behar dira, arriskuak eta onurak zehazteko. Kasu askotan erditu ondoren tratamendua hasi behar izaten da berriz eta, horrelakoetan, ez da komeni titia ematea, haurrak esnearekin batera sendagaia irents dezakeelako. Kontuan hartu behar dira, baita ere, titia ematearen zenbait ondorio: nekea areagotzea eta lo falta, adibidez.

  • Nola eragiten dio menopausiak EAri?

Menopausiak eta andropausiak EAn dauzkan eraginei buruzko azterlan gutxi daude. Askotan, garai horiek aldaketa edo bilakaera progresiboarekin batera gertatzen dira, baina ustea da gertakari bereiziak direla. Menopausia garaian zeuden 172 emakumeren kasuak aztertu zituzten hiru lanen arabera, menopausiak ez dauka zerikusirik gaixotasunaren pronostikoarekin, ezta agerraldi-kopuruarekin ere. Kontrazepzio hormonalari eta ordezko tratamenduei dagokionez, komeni da ginekologoari kontsulta egitea eta jendeari oro har ematen zaizkion argibideak jarraitzea.

  • Laguntza bidezko ugalketa teknikak arriskutsuak al dira EA duten gaixoentzat?

Laguntza bidezko ugalketa-tekniketan (LUT) erabiltzen diren tratamenduak eragina izan dezakete EAren bilakaeran, egoera hormonala aldatzen dutelako. Duela urte batzuk esperientzia pertsonaletan oinarritutako hainbat lan argitaratu ziren eta, lan horien arabera, LUTek agerraldi-tasa handitu dezakete. Duela gutxiko azterlan frantses batek frogatu du (13 zentrok eta 48 emakumek parte hartu zuten) GnRH agonisten erabilerak zerikusia duela agerraldi-tasaren igoerarekin eta in vitro ugalketaren porrotarekin. Beste azterlan batek dioenez, LUTekin agerraldi-kopurua zazpi bider handiagoa da eta erresonantzia magnetiko bidez neurtutako hantura-jarduera bederatzi bider handiagoa. Datozen urteetan, gaixo gehiagorekin azterlan prospektiboak egiten direnean eta informazio gehiago biltzen denean, gai horri buruzko informazio zehatzagoa izango dugu.

Beraz, EA duten gaixoek, gaixotasuna kronikoa denez, aholkularitza pertsonalizatua behar dute. Edozein modutan, amatasuna gai oso pertsonala da eta gaixoek libreki hausnartu eta planifikatu behar dute, arriskuak eta onurak ahalik eta modu libreenean aintzat hartu behar dituzte; betiere aditu baten laguntzarekin. Horrek esan nahi du aukera bat edo bestea egiteko arrazoiak norberak ulertu eta argitu behar dituela lehendabizi, eta gerora izan daitezkeen aldaketak aintzat hartu behar dituela. Informazio hori guztia jaso ondoren ere, ordea, azken hitza gaixoek dute.

VIDEOS DE YOUTUBE

Ir al canal de youtube »