Sin categoría

Donostiako Unibertsitate Ospitalean EA Unitatean aurrerapauso berriak

Nork Argitaratu du EM Euskadi | | ikusita 704 aldiz

2013. martxoa Esklerosi Anizkoitzaren Unitatea. Biodonostia Ikerketa Institutua. Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzaren Unitateak (UEM) ikerketa bokazio garbia dauka, bi alderdi ezberdinetan bananduta: Ikerketa klinikoa eta ikerketa molekularra. Javier Olascoaga, Unitateko […]

2013. martxoa

Esklerosi Anizkoitzaren Unitatea. Biodonostia Ikerketa Institutua.

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Esklerosi Anizkoitzaren Unitateak (UEM) ikerketa bokazio garbia dauka, bi alderdi ezberdinetan bananduta: Ikerketa klinikoa eta ikerketa molekularra.

Javier Olascoaga, Unitateko arduradunak, eta Tamara Castillo doktoreek farmako ezberdinei buruzko zenbait saiakuntzatan parte hartzen dute, azken hilabeteotan ingurumen faktoreek gaixotasunean duten eraginean ardaztu direlarik.

Ikerketa klinikoa.

Kezka honen baitan barne hartzen da Olascoaga doktoreak zuzendutako proiektua, zeinetan EA duten pazienteei D Bitamina gehigarriak ematearen ondorioak aztertuko diren. Castillo doktorearen hitzetan: «Gure pazienteen zati handi batek hipobitaminosia dauka eta, bitamina horren eta sistema immunearen erregulazioaren arteko lotura argia ikusita, hipobitaminosi hori tratatzeak emaitza onak izan ditzake». Eusko Jaurlaritzak finantzatutako eta sendagaiaren agentziak onartutako proiektu honetan, ikerketa itsuan, urtebetez ehun paziente tratatzea aurreikusten da eta beraien eboluzio klinikoa monitarizatuko da.

Ildo berean, taldea proiektu berri bati hasiera ematen ari da Arruti doktorearen gidaritzapean, tabakoak gaixotasun honetan zer nolako eragina izan dezakeen aztertzeko. Gainera, joan den urtean pazienteen egoera neuropsikologikoa ebaluatzeko proiektu bat garatu zen Sistiaga doktorearen gidaritzapean eta 2013 urtean espainiar estatuko beste ospitale batzuekin batera burutuko den proiektu batean sartzea aurreikusten da, tresna neuro-errehabilitatzaileak garatzeko.

Ikerketa molekularra.

Ezer baino lehen, UEM laborategian gaixotasunaren zergatia ulertzen saiatzen dira. Horretarako, pazienteek era eskuzabalean ematen diguten DNA aztertzen dugu. Gaixotasunari lotutako arrisku faktoreak ulertzeak gaixotasunak nola funtzionatzen duen hobeto jakiten laguntzen digu eta, beraz, nola tratatu hobeto ulertzen.

Urteotako ahaleginari esker, UEM 400 DNA lagin eta 1000 RNA gordetzen dituen Genoteka izatera heldu da eta azken horrek Red Española de Esclerosis Multiple izeneko sareak burututako genotipazio proiektu handietan parte har dezagun ahalbidetu du. Proiektu hauen ondorioz, gene-gaien serie bat balioztatu ahal izan da eta berriren bat berezitu. Gaur gaurkoz, 60 bat gene-gai berezitu dira.

Ildo honetan, Gipuzkoako Aldundiak finantzatutako eta Otaegi doktoreak zuzendutako lan batean, gure taldeak zonalde honetako familia kasuetako gene-gai horietako 56 aztertu ditu sakon eta aurretiko emaitza oparoak lortu dira.

Laborategiko beste lerro bat birmielinizazioaren ikerketa da. Ikerketa horren helburua agerraldi baten ondorengo berreskurapena nola gauzatzen den aztertzea eta gorputzean zein faktore martxan jartzen diren identifikatzea da. Horretarako, Carlos III institutuan finantzatutako proiektu batean, Irizar eta Muñoz-Culla doktoreek geneak odolean nola adierazten diren aztertu dute, agerraldirik gabeko garaiak eta agerraldi uneak alderatuta. Ikerketa hauek baliozkotze fasean daude eta emaitza interesgarriak izan dituzte. Aurten baliozkotuko dira jasotako datuak, Iñaki Osorio doktoregaiaren laguntzaz. Pazienteek era eskuzabalean ematen diguten DNA aztertzen dugu.

Martxan dagoen beste proiektu bat gaixotasuna era egokian berezitzea ahalbidetzen duten adierazleak bilatzean zentratzen da, era horretan, diagnostikoari laguntzen dio eta, noizean behin, tratamenduen monitorizazioari. Alor horretan, UEMek Eusko Jaurlaritzak finantzatutako bi proiektu barne hartzen ditu. Horietako batean Alvaro Pradak banda oligoklonalekin lanean jarraitzen du likido zefalorrakideoan eta, gainera, Th17 erantzunaren rolean sakontzen du. Bestean, Matias Saenz doktoreak pazienteen odolean mikropartikulen kontzentrazio eta jatorria aztertzen du, horiek zelulen arteko mezulari txikiak baitira eta EA duten pertsonengan erantzun immunea nola antolatzen den sakontzeko aukera emango digute.

Laburbilduz, UEMek pazientean eta gaixotasunean zentratzen den ikerketa lana burutzen du, paziente guztien lankidetza eskuzabalari eta beraiekin gaudenean transmititzen diguten laguntzari esker batez ere.

VIDEOS DE YOUTUBE

Ir al canal de youtube »